Bizizikazi pedagogiaren zentroa.
Aldaketa pertsonalerako eta sozialerako baliabide etikoak
Abiapuntuak

Proiektu honek oinarrizko bi abiapuntu ditu funtsean: batetik, bakarrik dauden adin txikiko etorkinen errealitatearen diagnostikoa eta bestetik, harrerako familien programei buruzko eskarmentua, batik bat harrera amaitu ondoren.

  • Adin txikiko horien errealitateari buruzko diagnostikoa. Erakundeek ikaragarrizko ahalegina egiten dute, maila materialean zein pertsonalean, bakarrik dauden adin txikiko etorkin hauei harrera egiteko eta laguntzeko. Hala ere, errealitatea zein den ikusita eta egoeraren konplexutasunaz jabetuta, dagoeneko egiten den ahalegina osatzeko eta hobetzeko beste neurri batzuetan pentsatzen segi beharra dagoela ondoriozta daiteke. Gaur gaurkoz, badituzte harrera-zentro bat, begiraleak eta laguntza- eta jarraipen-zerbitzu bat, egunerokoan. Gabezia edo zailtasun nagusia da nola bideratu integrazio hobea bizi diren tokiko testuinguruan. Normalean ez dute inolako loturarik edo harreman zuzenik bizi diren gizartearekin; ez daukate loturarik ez harremanik adin bereko bertako gazteekin, gehienetan egoera berean dauden beste adin txikiko batzuk besterik ez dituzte inguruan; ez daukate erreferentziazko familiarik, zenbaitetan ez diete eusten behar bezala beren inpultsoei eta batzuetan arazoak, larriak edo ez horren larriak, gatazkak eta bazterketa-egoerak sortzen dira bizi diren herrietan. Testuinguru horretan dagoeneko egiten dena osatu eta indartu nahi izatea erabat justifikatua dago.
  • Harrerako familien programen gaineko eskarmentua. Hamabost urte luzetako esperientzia praktikoa eta zehatza dute harrerako familien programek eta balantzea ona da, oro har. Oinarrizko ezagutza hori baliatu liteke eta beharko litzateke adin txikikoen desanparo-fenomeno berri honi aurre egiteko garaian. Eskarmentu guzti honetatik bada bereziki lagun diezagukeen elementu bat harrerako osaba-izebaren figurak zein eraginkortasun izan dezakeen ikusteko. Elementu hori zera da: harrerako familiek betetzen duten rola, adin txikikoaren harrera amaitu ostean, bai familia biologikoarengana edo harrera-zentro batera itzuli delako edo emantzipatu delako edo beste hainbat arrazoi tarteko. Kasu horietan guztietan, zenbaitetan, behin behineko harrera-familia izan dena, modu espontaneoan, erreferentzia-, laguntza- edo babes-familia bihurtzen da bolada batez etxean izan duten adin txikikoarentzat. Osaba-izebak balira bezala, gutxi-gora-behera. Hori gertatzen denean, normalean, emaitzak hobeak dira. Adin txikikoak babes gehiago du, afekto gehiago, erreferentzia eta aukera gehiago, hobeto eusten dio, gizartean integratzeko bide gehiago ditu, eta aukera gehiago bere bizimodua eraikitzeko. Eskarmentu horretan eta ez bestelako espekulazio teorikoetan dago oinarrituta Izaba proiektuaren proposamena.