Bake zentroa. Gatazken lantze etikoa
Afrikako Astea 2007

 

Ekainaren 4tik 10era Arantzazun ospatutako Afrikako Asteak oso balorazio ona izan zuen antolatzaileon partetik. Zituen hiru helburu nagusiak bete zituen: (1)Afrika gure gizartera eta gure gizartea Afrikara gerturatzea, (2) hala nahi zuenarentzat, Afrikako errealitatea ezagutu ahal izateko ikasketa eta gogoetarako toki bat eskaintzea eta (3) aste batean, Arantzazu Afrikarekiko elkargune sozial bilakatzea.

Astelehenetik ostiralera "Afrikako errealitateetara hurbiltze ikastaro" bat eskaini zen Mbuyi Kabundaren zuzendaritzapean; irakasle moduan Estatuko afrikanistarik onenetakoak egon ziren, Ferran Iniesta, Jesus Romero edo Kabunda bera, adibidez. ASteburuan zehar zenbait jarduera sozio-kultural egin ziren; Mbuyi Kabundaren "Afrika Globalizazioan" hitzaldia, 200 pertsona baino gehiago bildu zituen herri bazkari bat,  Oscar Epelde eta Fermin Ayo-ren "El diamante de Salomón" film-dokumentalaren aurre-estreinaldia, eta Mamadu Cissoko eta M'Lomp taldeen eskutik musika eta dantza emanaldiak.  

Asteburu guztian zehar, gainera, GKE ezberdinek Afrikan egiten duten lanari buruzko erakusketa bat ikusi ahal ian zen eta egun horietan Afrikarekiko enpatiarako leku izateko moldatutako eraikuntza bat bisitatu ahal izan zen.

Horrez gain, ekimen honek zabaldu nahi ditugun ondorengo ondorioak ateratzea ahalbidetu du:

1. Afrika ezagutzea justizia eta gizatasun inperatibo bat da Europarentzat eta europarrentzar
    Lehenik eta behin, ardura kolektibo bat dugu. Europak ardura du bereziki Afrikaren gaur egungo egoerarekiko. Kolonizazioan, deskolonizazioan, gerra hotzean eta gaur arte Afrikaren errealitatetik urrun dauden modelo sozial, ekonomiko eta politikoen ezarpen eta inposaketan oinarritutako ondorengo politiketan izandako paperagatik dauka ardura hori. Afrikan bizi diren gizakientzat kaltegarriak eta suntsitzaileak izan diren ereduak. Badugu Afrikara hurbiltzeko eta hura ezagutzeko ardura pertsonal bat ere. Ezjakintasunak Afrikar kontinentea inguratzen duten apriori eta irudi faltsu guztiak elikatzen ditu. Afrikar errealitatearen sinplifikazioa, bere arazoen erredukzionismoa eta bere aniztasuna ez ezagutzea dira imajina ezin ditzakegun mugetarainoko egoera bidegabe eta krudeletik gertu eta at bizitzea ahalbidetzen diguten mekanismoak. Afrikan gertatzen denaz kontziente izatea gaur egungo munduko lehentasun etiko nagusienetakoa da.

2. Ezin ditugu Afrikan gertatzen diren gatazkak norgehiagoka etnikoetara murriztu
    Afrika ezagutzeko dugun betebeharrak bere egoeraren diagnosi zorrotzetara hurbiltzea eskatzen du. Afrikar kontinenteak Lehenengo Munduko literatura ofizialaren partetik jasaten duen erredukzionismo gogor eta erosoena hango gatazkarik larrienak borroka etniko edo arazo tribal moduan kontatzearena da. Afikako gatazkek zergati desberdinak dituzte. Horietako bat da aniztasun etnikoa, baina beste askok 400 urtetan zehar jasandako dominazio, esplotazio eta baliabide naturalen usurpatzeekin dute zerikusia, globalizazioarekin, nazioarteko komunitateak bultzatu edo onartutako diktadurekin, enpresa handien interes ekonomikoekin edo potentzia handien interes geopolitikoekin, Europako Nekazaritza Politika Erkidearekin, Garapenerako laguntza politikekin eta barneko, lurraldeko nahiz nazioarteko beste horrenbeste faktorekin. Afrikako gatazken kontaketa ezinbestekoa da bizi garen mundua ulertzeko eta kontinente beltzak pairatzen dituen arazoak gainditzen lagundu ahal izateko. Kontaketa murriztu edo sinplifikatu batek egoera luzatzeko eta gure kontzientzia okzidentala duintasunik gabe baretuta mantentzeko balio du.

3. Afrikari laguntzeak afrikar idiosinkrasiarenganako umiltasun eta errespetua esan nahi du lehenik
    Ezin zaio norbaiti lagundu errespetuzko oinarri bat ez badago. Lehen munduaren Afrikarekiko laguntza aberatsarengandik pobrearenganako asistentzia mentalitate batean oinarritzen da eta kontziente edo inkontzienteki, inplizituki edo esplizituki afrikarrak eta euren sistema sozial, politiko eta ekonomikoak maila baxuagoan edo atzean gelditu balira bezala tratatzen dira. Afrikarekiko laguntza eta elkarlanak iniziatiba eta auto-antolamendua errespetatu eta bultzatu behar du. Laguntzeak, kasu honetan, afrikarrek beraiek kudeatu ditzaketen baliabideak zuzentasun eta gardentasunez ekartzea. Inposaketa eta paternalismo interesastuak alde batera utzita. Sinestea kosta badakiguke ere, Lehen Munduak asko du Afrikarengandik ikasteko, gure jatorriaz, bere historiaz, indibidualismo okzidentalaren aurrean gizatiarki zentratutako indar komunitarioaz, herri ekonomiaz edo emakumetaz eta hazten doan hauen lidergoaz. Afrikarekiko elkarlanak mundu okzidentalaren aldetik umiltasuna behar du eta aurrean jarri beharrean atzean jarrita laguntzeko gai izatea.

4. Afrika da gure kontraesanik nagusiena
    Afrikako argazki erreala, gaur egun, mendebaldeko sistema eta bizimoduekin doazen kontraesan guztien irudi da. Afrikak kontraesan bihurtzen ditu nazioarteko erakunde nagusiak (NFM, Mundu Bankua, G-8a), izan ere Afrika da saihestu ezin dezaketen porrota. Kontraesanean jartzen du Nazioarteko Komunitatea eta potentzia nagusiak (AEB, EB, Txina, Japonia, Alemania, Frantzia...) eta globalizazio ekonomikoaren eredu osoa injustiziarik gordinenaren aurrean jartzen duelako. Estatu eta lurralde politikak kontrajartzen ditu, barnera  defendatzen dutena kanpora artikulatu ezin duen egoismoaren ispiluaren aurrean jartzen baititu. Kontraesanean jartzen du multinazionalen irudi arrakastatsua eta, bereziki, Afrikan negozioa bidegabekerian oinarritzen duen industria farmazeutikoarena. Kontraesanean jartzen du gure bizimodu pertsonal eta kolektiboa, zeinaren ongizate sostengaezina kontinente aberats baten eta bere biztanle pobretuen baliabide naturalen esplotazio bortitzean oinarritzen den. Inmigrazio azpisahararra edo ingurumenaren narriadura eta planetaren beroketa kontraesan handi eta sostengaezin honen lehen erantzunak dira. Honetaz konturatzea, salatzea eta aukera desberdinak babestea da Afrikarekiko lehentasun etikoa zehazteko modua.

5. Arantzazuk Afrikarekiko elkargune izaten jarraituko du
    Arantzazu astebetez, ekainaren 4tik 10era, Afrikarekiko elkargune izan da. Eta hala izaten jarraitu nahi du. Datorren urtean ekimena errepikatuko dugu, baina ez dugu ekimen puntual bat soilik izaterik nahi. Elkargune hau piskanaka iraunkorra izatea nahi dugu. Lehen esperientzia honetatik abiatuz, Afrikarekiko partehartze komunitate bat eratu nahi dugu, Afrikaren lagunen elkarte bat Arantzazun. Izena emateko ez da ezer ordaindu behar, datu pertsonalak ematea soilik sarean komunikatuta egoteko eta Afrikarekin erlazionatutako datozen ekimenetan izena ematen dutenak gogoan izateko. Nahikoa da \n Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu E-posta helbide hau zabor-posta bidaltzen duten roboten kontra babestua dago. Ikusi ahal izateko Javascript-a gaituta izan behar duzu. helbidera idaztea edo Baketik-era 943-251005 zenbakira edo Tau Fundaziora 943-289956 zenbakira deitzea. Partehartze komunitate hau pertsona gutxi batzuek osatuko dute hasieran, gaur lehenik Afrika den uste etikoa zabaltzea erabaki duten haiek, hain zuzen. Badakigu une honetan hau minoria baten ahalegina dela. Gure asmoa da uste sendo hori eta partehartze eta Afrikaren lagunen komunitate hori zabaltzea eta gure gizartearen kontzientziara heltzea.