Baketik-ek eta Tau Fundazioak Afrikari buruzko II. astea antolatu dute Arantzazun, Afrikan giza duintasunaren alde, Euskal Herrikoa bezalako gizarte zibil europear batetik garatu litezkeen proposamen zehatzak biltzeko asmoz. Helburu honekin bi lan-ildo marratu dira. Alde batetik, astelehenetik ostiralera Mbuyi Kabunda irakasleak zuzendutako ikastaroan Afrikarekin elkarlanean aritzeko era zehatzei buruz gogoeta egin da; eta bestetik, gizarte zibileko erakundeei zuzendutako proposamen lehiaketa bat “Egin gabe dugun horretan, zerbait gehiago egin ote dezakegun Afrikan giza duintasunaren alde egiteko?” 1. Ikastaroaren ondorioakAstelehenetik ostiralerako ikastaroan eta larunbateko mahai-inguruan sortutako gogoeta giroak Afrikako giza duintasunaren aldeko laguntza kokatu eta bideratzeko esparru bat definitu du hiru irizpideren inguruan. ·Lehentasunen kontzientzia orokor batez jabetu Afrikan giza duintasunaren auziak bost lehentasun handi ditu: hezkuntza, osasuna, elikadura (nekazaritza), Estatua (eta garapena) eta ekonomia-eredua. Ikuspuntu orokor honen barruan kokatu behar dira Afrikan giza duintasunaren aldeko proposamenak. Honek esan nahi du, hezkuntza-, osasuna- eta elikadura-krisiak arintzeko ekintza zehatzen bidez eragitea, esate baterako, krisi hauek ekonomia-, Estatu- eta garapen-ereduekin duten harreman zuzena kontuan izan gabe, kaltegarria izan litekeela. Honek ez du esan nahi eremu hauetan proposamen zehatz, zuzen eta aringarriekin eragin behar ez denik, baizik eta ekintza hauek kontzientzia eta ekintza orokor baten barruan kokatu behar direla, beren egitura-ondorioetan ez ezik zergatietan ere eragina izan dezaten. ·Afrikako sendotasunak indartzea eta bereziki bere giza-ondasuna Ezin da egin noski bi edo hiru lerrotan Afrikako egoeraren diagnosi bat, baina, Arantzazun Afrikari buruzko bi aste hauetako saioetan entzun dugunari kasu eginez, egitera derrigortuak bagina, honela adieraztera ausartuko ginateke: Afrikak jasaten dituen bidegabekerien arrazoi nagusi bat Afrikako nortasunaren, tradizioaren eta kulturaren gaitasun eta ahalmenekiko bat ez datozen atzerriko ekonomia-, politika-, gizarte- eta garapen-ereduen ezarpen historiko eta bortitza da. Analisi honetan oinarriturik ezartzen dugu, injustizia hauek gainditzen lagundu nahi duen edozein proiektuk irizpide gidari eta zeharkako bat izan beharko duela kontuan: ·Afrikarekin eta honen alde egiten den guztia bere sendotasun tradizionalak, bere subiranotasuna, bere eraikuntza propioaeta bereziki bere giza-ondasuna bultzatuz egiten bada eraldatzaile eta askatzaile izango da. Bere autonomia bultzatzen ez duen eta Afrikarentzat egiten ez den guztiak injustiziak eta botere harreman desorekatuak betikotzen lagun lezake. Aipaturiko bost lehentasunetan bultza litezkeen Afrikako sendotasunak aurki ditzakegu. Hezkuntzan, osasunean, elikaduran eta nekazaritzan, Estatu eta garapen ereduan ala ekonomia ereduan Afrikak sendotasunak ditu, eta sendotasun hauek bere gizarte- eta kultura-ohiturarekin, bere biziraupen modu historikoekin edo bere politika eta gizarte-antolaketa ereduekin loturik dauden mendetako tradizioekin erlazionatuta daude. ·Entzutea eta senidetze kontzeptua garatzea, han eta hemen Gizarte zibilak Afrikako giza duintasunaren alde egiteko Afrikara nagusitasunez begiratzen uzten dion “printze ispilua” hautsi beharra dauka. Senidetze kontzeptuak honetan lagun gaitzake. Gizarte zibil antolatuak mota askotako senidetze-proiektuak bultza litzake: familia, hezkuntza, enpresa, udal, osasun, nekazaritza eta politika mailan Honek berdintasunezko harremanak sortzen eta elkarrenganakoak ipintzen lagunduko luke, bost lehentasunetan eragiten uzteko moduan eta beti ere bertako giza-ondasun eta sendotasunak bultzatzeko eta hauetatik ikasteko. Senidetze-konteptua garatzeko eta Afrikako sendotasunak eta giza-ondasuna bultzatzeko ezinbesteko baldintza entzutea da. Ezagutzeko, ulertzeko, ikasteko eta kolaboratzeko nagusitasunaren aurreiritzirik gabe. Entzutea eta senidetze-kontzeptua Afrikan gara daitezke eta garatu behar dira, baina ezin dugu ahaztu baita Afrika orain gure artean dagoela ere. Emigratzen duten eta gure herrietan eta auzoetan bizi diren afrikarren babesgabetasun eta itxaropen aurpegietan adierazita ikusten dugu. Kasu honetan ere, entzun, harrera egin eta senidetze-kontzeptua gara dezkegu. Horretarako guztiarako, funtsezkoa da gizartearen kontzientzia bultzatzea, batez ere gazteenen artean eta hezkuntzan, eta gizarte zibileko elkarteen eragin- eta komunikazio-ahalmena sendotzea. 2. Proposamen lehiaketaren ondorioak Ondorengo iradokizunak egiten dituzten 21 proposamen aurkeztu dira: ·Komunikazio arloarekin zerikusia duten bost proposamen: batek kanpaina bat proposatzen du Afrikari eskertzeko lehen munduari egin dizkion ekarpenak; beste batek, ildo berdinetik, Afrikari buruzko erakusketa ibiltaria eta kontinente hartako egoerarekin zerikusia duten testuen irakurketa kolektiboak egitea proposatzen du, hirugarrenak Afrikaren esperientzia arrakastatsuen eta berritzaileen esperientziei buruz informatzea planteatzen du; eta beste bi proposamen bat datoz, nazioarteko berri-agentziak ez ezik hedabide afrikarrak ere kontuan eduki daitezen aditzera emateko. ·Beste hamabi proposamenek “senidetze” forma desberdinak planteatzen dituzte Afrikaren sendotasunak sustatzeko: (1) esku-sartze edo larderia edozein forma baztertzea, (2) giza-ondasunean inbertitzeko funtsa sortzea, (3) dagoeneko martxan dauden egitasmoetarako dirua erabiltzea, (4) haurtzaroan eta nerabezaroan inbertitzea lankidetzaren zeharkako ardatz gisa, (5) euskal enpresak animatzea Afikan eta Afrikarekin inbertitu dezaten, (6) udal-senidetzeak bultzatzea, (7) familarteko elkartasun zuzena sustatzea, (8) euskal unibertsitateen konpromisoa bilatzea kontinentearekin euren ikerketa-ekintzan, (9) kontzientzia eta nortasun panafrikarra piztea, (10) praktika demokratikoak babestu eta gizarte zibil afrikarra indartzea, (11) emakumeei ahotsa ematea Afrikan, eta (12) munduko ekonomia-eredua berrikusi eta Afrikako autogestio ekonomikoa laguntzea. ·Lau gogoeta-proposamen: (1) geure buruari errealitate afrikarraz galdetzea, (2) gugatik, gure duintasunagatik Afrikak zer egin dezakeen galdetzea, (3) gure ongizateari buruz gogoeta egitea eta (4) segurtasunik eza orokorraz piztutako sentipena gutxitzea. Proposamen multzo hau aztertu duen taldeak, Mbuyi Kabunda irakaslearen zuzendaritzapean, ondorio bezala atera du guztiak baliagarriak eta osagarriak direla eta hauetako bat aukeratu ordez, egokiagoa dela erreferentzia-esparru bat eratzea, zeinak, proposamen guztiak bilduz, ekintza-plangintza orokorra definitzea ahalbidetuko duen, bere garapena programatuko duen esparrua, alegia. 3. Azkeneko ondorioaBaketik-ek eta Tau Fundazioak hurrengo ikasturteari begira, lanerako eta gogoetarako prozesu bat zabaltzea erabaki dute hurrengo oinarriei buruz jarduera-plangintza bat zehazteko: ·Jarduerak giza duintasunaren kausari eragiten dioten bost lehentasun nagusien kontzientzia orokor baten inguruan garatu beharko dira: hezkuntza, osasuna, elikadura (nekazaritza), Estatua (eta garapena) eta ekonomia-eredua. ·Bultzatuko diren ekintza-proposamenen irizpide gidaria Afrikaren sendotasunak eta giza-ondasuna bultzatzeak zuzendu beharko du. ·Ekintza-plangintza hauek senidetze-kontzeptua garatuko dute, han eta hemen, edozein eskema asimetrikoa, inposatzailea edo nagusitasunezkoa apurtzeko. Zentzu honetan, udal-, elkarte-, formakuntza-, ekonomia-, enpresa-, unibertsitate-senidetzeak bultzatuko dira. ·Senidetze-konteptua garatzeko eta Afrikako sendotasunak eta giza-ondasuna bultzatzeko ezinbesteko baldintza entzutea da. Ezagutzeko, ulertzeko, ikasteko eta kolaboratzeko nagusitasunaren aurreiritzirik gabe. ·Programa honen abiapuntuak Afrikako II. astea dela-eta antolatu den lehiaketan aurkeztutako 21 proposamenak izango dira. {docs category="Afrika08"} |