| Azalpena |
|
Izeba proiektua bakarrik dauden adin txikiko etorkinentzat harrerako osaba-izebaren figura sortzean datza (familia bide-lagunak). Horrek praktikan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika Departamenduarekin batera, programa baten berri ematea eskatzen du. Programa horren xedea babes gabezia egoeran dauden adin txikikoen harrerako osaba-izeba edo erreferentziazko familia izatea borondatez onartuko luketen familia multzo baten atxikimendua lortzea litzateke. Horrela, adin txikiko bakoitzak, bizitoki duen harrera-zentzua izateaz gain, erreferentziazko familia izango luke. Familia honetako partaideek harrerako osaba-izeba edo lehengusu-lehengusina gisa jokatzea onartuko lukete. Modu honetan, harrerako osaba-izebek eskumena duten Erakundeek eta harrera-zentroek egiten duten lana osatuko lukeen familia-sare bat eratuko lukete. Harrerako familiaren figura berri honek duen xedea bakarrik dauden adin txikiko etorkinei euspen, afektibitate, laguntza eta hurbiltasunezko gizarte harremanen garapena eskaintzea da. Ilobarengandik hurbil bizi den osaba-izebaren zeregin bera izango lukete. Zeregin hori garatzeko ekintza zehatzak, beste batzuen artean, honakoak lirateke: adin txikikoa familiarekin bazkaltzera edo txango bat egitera astean behin gonbidatzea, bere egoeragatik arduratzeko aldiro telefonoz deitzea, bere arazo pertsonalak, administratiboak edo formaziozkoak konpontzen laguntzea (dirua ematea alde batera utziz), hizkuntzaren ikasketan laguntzea, arropa edo oinetakoak erosterakoan laguntzea, bere adineko beste gazteekin harremanetan jartzea, bere afizioekin bat datozen kirol-, kultura- edo aisialdi-ekintzekin harremanetan jartzea, etxean egonaldi txikietara gonbidatzea (bi edo hiru egun oporretan), tokiko ohituretan eta kulturan barneratzea, edo bere tradizio, sinismen edo helburuetan interesa jartzea eta horiek garatzen laguntzea. Erreferentziazko familia-sare honek bi psikologoz osatutako laguntza-zerbitzua izango du, eta baita bere lana babesteko dieta ekonomiko bat ere. Zerbitzu hori familia bakoitzarekin harremanean egongo da etengabe, unean uneko zailtasunak bideratzen laguntzeko eta aldian behin formazio-topaketak antolatuko ditu harrerako osaba-izebentzat. Proiektua martxan jartzeari buruz, pausoz pauso joatea aurreikusten da, zuhurtziaz eta progresiboki. Lehenbiziko urratsak ekainean egingo dira Donostia inguruan bizi den adin txikiko talde batekin. Lehen esperientzia hori oinarri hartuta irailetik aurrera proiektua adin txikiko etorkinen zentroak dituzten Gipuzkoako beste eskualde batzuetara zabalduko da. |