Bizizikazi pedagogiaren zentroa.
Aldaketa pertsonalerako eta sozialerako baliabide etikoak
Adierazpenaren laburpena
Bost urte betetzen ditugun honetan, Baketik-ek beharrezkoa ikusten du bere egitasmoa berbideratzea. Horretan modu nabarmenean hiru faktorek dute eragina: lehentasun orokorrak, mundu mailako krisiak; lehentasun pertsonalak, bizitza hobetzeko beharra; eta bertako lehentasunak, bakea eta bizikidetza Euskal Herrian. Baketik-en erabakia hiru lehentasun horien aurrean berkokatzea eta gizarteari ekarri onuragarria eskaintzea da.

 

 

Aldaketa pertsonalerako eta sozialerako baliabide etikoak eskaintzea oinarri duen ibilbide berriari ekin dio Baketik-ek


Baketik-ek bere zeregina berriro definitu du; orain bere zeregina honakoa da: «norbera eta gizartea aldatzeko baliabide etikoak eskaintzea». «Bizizikasi pedagogiaren zentro» gisa aurkezten da hori izango delako bere tresna nagusia. Bizizikasi pedagogia hobetzen eta aldatzen ikasteko Baketik-ek sortutako pegagogia da. Baketik-ek hiru norabidetan lan egingo du tresna horrekin: krisi orokorraren aurrean gizarte-eredu berriak eragitea; norbera aldatzeko beharraren aurrean bizitzeko modu berriak sustatzea; eta bakerako bertako lehentasunaren aurrean bizikidetzaren kultura berria erdiestea.


Gaur, 2011ko urriaren 15a, bere V. urteurrenean, Baketik-ek ekitaldia antolatu du Arantzazun. Bertan bere zeregina eta egitasmoa berriro definitzeko urte beteko trantsizio-prozesua zabaldu da. Prozesu horren abiapuntua Baketik-eko zuzendariak eskaini eta “Aldaketa pertsonalerako eta sozialerako” izenburua zeraman hitzaldian aurkeztu duen adierazpena da. Adierazpenaren eduki osoa blogbaketik.org blogean aurki daiteke. Bere edukia ondorengo puntuetan dator laburbildua:


·Gogoeta. Bost urte betetzen ditugun honetan, Baketik-ek beharrezkoa ikusten du bere egitasmoa berbideratzea. Horretan modu nabarmenean hiru faktorek dute eragina: lehentasun orokorrak, mundu mailako krisiak; lehentasun pertsonalak, bizitza hobetzeko beharra; eta bertako lehentasunak, bakea eta bizikidetza Euskal Herrian. Baketik-en erabakia hiru lehentasun horien aurrean berkokatzea eta gizarteari ekarri onuragarria eskaintzea da.
·Hiru diagnostiko. Lehentasun horietako bakoitzak azterketa bereizia behar du, beren artean lotura garrantzitsuak dituzten arren.

·
Krisi orokorra. Bere jatorri nagusietako bat indibidualismo materialistenean oinarritutako zoriontasunaren ideologiaren nagusitasun osoa da. Ikusmolde horrek sistema politikoa, bizitzeko moduak eta sozioekonomia- eta garapen-ereduak baldintzatzen ditu. Horren emaitza sistema bidegabea eta kolapsorako joera duena da. Premiazkoa da gizarte-eredu berriak bultzatzea.
·Krisi pertsonala. Zoriontasun berekoiaren ideologia berdinak bizitzeko ereduak baldintzatzen ditu. Geure pentsamoldeetan sustraitzen da eta herritar bakoitza, neurri batean, bere eragile bilakatzen da beren borondatez edo nahi gabe. Zoriontasuna ulertzeko modu indibidualista hori bizitzaren zentzuari gizatasuna kentzen dion itxaropen faltsua bilakatzen da. Beharrezkoa da bizitzeko modu berriak bultzatzea.
·Bizikidetza-krisia. Hamarkadak iraun dituen gatazka biolento baten ostean, bizikidetzaren berradiskidetzea bultzatzea bakea sendotzeko, zauri pertsonalak sendatzeko, haustura sozialak konpontzeko eta etorkizunean zatiketa suntsitzaileak prebenitzeko lehentasun kritikoa da. Beharrezkoa da iraganaren inertziak gaindituko dituen bizikidetzaren berradiskidetzearen kultura berria erdiestea.

·Bat-etortzea. Hiru diagnostiko horien bat-etortzea hiru kasuetan aldaketa behar dugula da; baina ez edonolako aldaketa. Aldaketa hori ez da soilik soziala edo politikoa edo ekonomikoa, ezta soilik pertsonala ere. Hiru diagnostikoen bat-etortze nagusia aldaketa pertsonala eta soziala behar dutela da, betiere abiapuntu bezala etika izanik.
·Borondatea. Hiru galdera dakarzkigu, nagusiki, azterketa horrek: lehendabizikoa, zertan lagun dezaket mundua aldatzeko eta hobetzeko eginkizunean?; bigarrena, zertan aldatu eta hobetu behar dut neure bizitza?; eta hirugarrena, zertan hobe eta alda dezaket geure herriaren bizikidetza? Bizizikasi pedagogia oinarri hartuta, hiru galdera horiei erantzuteko ekarria eraikitzailea egin nahi du Baketik-ek.
·Tresna. Erronka horri aurre egiteko, Baketik-ek duen tresna nagusia Bizizikasi pedagogia da, Baketik-ek bost urte hauetan zehar sortu duen pedagogia. Etika abiapuntu izanik, hobetzen eta aldatzen ikasteko baliabide pedagogiko sistematizatuen multzoa da. Hobetu eta aldatu gizarte-eredu berriak, bizitzeko modu berriak eta bizikidetza-kultura berria sustatzeko.
·Zeregina eta helburuak. Baketik «Bizizikasi pedagogiaren zentro» gisa aurkezten da hori izango delako bere tresna nagusia. Bere zeregina berriro definitu du; orain bere zeregina honakoa da: «norbera eta gizartea aldatzeko baliabide etikoak eskaintzea». Baketik-eko ekimen guztiek hiru ardatz nagusi lotzen dituen helburu nagusi baten barruan aurkituko dute beren zentzuaren batasuna:
·hobetzeko eta aldatzeko giza ahalmena bultzatzea:

-justiziaren garapenerako, mundu bidezkoago bati laguntzea;
-pertsonaren garapenerako, bizitzeko modu gizatiarragoak lortzea;
-bakearen garapenerako, Euskal Herrian bizikidetzaren berradiskidetzea erdiestea.

·Lelo bat irizpide gisa. Baketik-en egitasmo berriaren ardatza eta irizpide gidaria honakoa da: kontzientzia hartzea eta aldaketa pertsonala eta soziala bultzatzeko pertsona arruntek duten botere nagusiari balio handiagoa ematea. Botere hori aukeratzea da. Aukeratzeko boterea betiere etika abiapuntua dela. Horregatik, Baketik-en ibilbide berriaren leloa bi hitzetan laburbiltzen da: «Aukera dezakegu». Hobetzeko aukera eta aldatzeko askatasuna irudikatzen duten bi hitz horiek.
·Dilema bat lehen urrats gisa. Aldatzea aukera dezakegu; baina askotan ez dakigu nola egin. Inertzia gailendu egiten zaigu. Paradigma aldatzeko lehen urratsa eman behar dugu. Lehen urrats horrek dilema bati aurre egitea eskatzen du: «zabaltzea edo ixtea». Zer da bizitza zabaltzea edo ixtea? Munduaren, bizitzaren eta bizikidetzaren ikusmolde indibidualistan eta materialean ixtea eta sartzea edo daukagun horretatik eta kontrolatzen dugunetik haratagoko bizitza solidarioago eta irekiago zabaltzea.
·Jarduera eremuak. Jarduera-programa hiru eremu handitan banatuko da: gizarte-ereduak, bizitzeko modu pertsonalak eta bizikidetza-kultura. Eremuetako bakoitzak hamar urteko apean garapen-proiektu desberdinak ditu. Horietan guztietan, Baketik Bizizikasi pedagogia oinarri hartuta baliabide etikoak eskaintzen saiatuko da. Baliabide horiek mota desberdinetakoak izan daitezke: aholkularitza pertsonala edo instituzionala, berariazko kolektiboei zabaldutako eta bideratutako formazioa, dibulgazioa bide desberdinak erabiliz, proposamen generikoak edo zehatzak prestatzea eta ekimen propioak edo beste erakundeekin konpartituak hartzea.
·Baketik-en egitasmoaren hiru gakoak. Programaren garapena baldintzatzen duten gakoak ondorengoak dira:

·Baketik-en egitasmoaren abiapuntu-baldintza bat bere autonomia instituzionala eta bere irizpide-independentzia da bere ibilbide propioa askatasunarekin definitzeko.
·Batez ere, zerbitzu propioen baliabideetan eta babes sozialaren ekarrietan oinarritutako bideragarritasuna eta autofinantziazioa bilatzea.
·Parte-hartze komunitatearen eratzea. Bere abiapuntua Baketik-en sustapena partekatzen duten 50 kideko Gizarte-Kontseilua da.

Baketik Arantzazu, 2011ko urriaren 15a
Gustatu bazaizu, partekatu / Si te ha gustado, compártelo:
Reddit! Del.icio.us! Mixx! Free and Open Source Software News Google! Live! Facebook! StumbleUpon! TwitThis Joomla Free PHP