Altruismoa: besteren hobebeharra lortzeko ahalegina, norberaren esfortzuaren truke bada ere.
Baketik-en honela ikusten ditugu gauzak…
Egungo munduak zoriontasuna eta bizitzaren zentzua diruan, boterean eta segurtasunean… bilatzera bultzatzen gaitu. Itxaropen faltsu baten aurrean gaude. Honela indibidualtasuna, kontsumismoa, solidaritaterik eza, gatazkak, injustizia… eta frustrazio pertsonala hazten dira.
Bizitza ez da betea eskuzabaltasunik, altruismorik edota konpromisorik gabe. Gizartearekin eta «besteekin» solidaritate-ekarpen doakoak eta desinteresatuak eskatzen dituzten ekintzetan parte hartzeak gure giza eraikuntza aberasten du eta mundu hobe bat egiten.
Esperientzia hau beharrean eta inguruan dugunari lagunduz edo alboan izanez egin liteke, edota bakearen, bizikidetzaren, justiziaren, baztertuen, hirugarren munduaren, ingurugiroaren, kulturaren alde lan egiten duten proiektuetan eta gizarte-ekimenetan parte hartuz.
Hau da gure uste sendoa eta esperientzia. Zurekin konpartitu nahi dugu. Zu Baketik-ekoa izan zaitezke eta bere ekarpena egiten saiatzen ari den ekimen xume baten zati izan, ekarpen altruista txiki asko gehituz.
Nahi baduzu, Baketik-ekoa izan zaitezke
Gutxirekin asko egin dezakegu.
Erabaki hau hartzeko, logikoki, Baketik-ek zer egiten duen hobeto ezagutu beharra duzu. Hurrengo orrialdeetan azalduko dizugu. Bere zazpi proiektu nagusien berri labur-labur emango dizugu, eta sakonago ezagutu nahi baduzu sar zaitez www.baketik.org web gunera, idatzi
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu
helbidera edo deitu 943-251005 telefonora.
Gatazkei etikoki aurre egiteko ikastaroen proiektua
Bizikidetza errekontziliatu eta baketsuan laguntzeko ari gara lanean.
2006ko urritik, gure programan 4.000 pertsonek baino gehiagok hartu dute parte. Geurekin eta besteekin hobeto bizitzen ikasteko ikastaroak dira, etika oinarritzat harturik arlo pertsonalean, sozialean eta politikoan.
Antzerki-Forum proiektua
Hezkuntzaren bidez bizikidetzan laguntzeko ari gara lanean.
Antzerkiaren bidez eskolan indarkeria- eta arrazismo-portaerak saihesteko programa da. 8 eta 12 urte itarteko
6.000 haur baino gehiago pasa dira jada Arantzazutik esperientzia honetan parte hartzeko.
«Asisetik Arantzazura» proposamena
Bertan nahiz nazioartean desberdinak elkar uler gaitezen ari gara lanean.
Oinarrizko lau ikaskuntzaren inguruan erlijio arteko eta kultura arteko elkarguneen proposamena prestatu dugu. Proposamen hau bakearen aldeko 40 testu unibertsalez eta mundu osoko kulturetako eta erlijioetako 40 otoitzez lagundua dator. Zazpi hizkuntzatan argitaratu da. Material hau gida didaktiko batekin eskola guztietara bidali dugu eta nazioartean erlijio arteko, kultura arteko eta zibilizazio arteko ulermenean lan egiten duten foroetan aurkezten ari gara.
Bideoteka proiektua
Zinearen bidez bizikidetzan laguntzeko ari gara lanean.
Geurekin eta besteekin hobeto bizitzeko zine-zerbitzu bat sortu dugu. Zinearen bidez, besteak beste, bizikidetzari, giza eskubideei, gizarteari eta bizitzari buruz gogoeta egiteko ehun pelikulako bilduma eskolen, elkarteen, parrokien, familien eta partikularren eskura dauden gida didaktikoekin.
Arantzazu Afrikarekiko elkargune proiektua
Ahaztutako gaztazketan eta gatazketan ahaztuta geratu direnen alde ari gara lanean.
Urtean behin Arantzazun Afrikari buruzko astea antolatzen dugu. Hurrengo galderari emandako erantzunak jarri nahi ditugu abian: egiten ari ez garen zer egin dezakegu Afrikan giza duintasunaren alde.
Dohain proiektua
Gertuen daudenekin elkartasuna garatzeko ari gara lanean.
Atseden- eta aisi-egonaldi hezitzaileen programa sortu dugu, gure alboan baztertuak ala egoera zailean dauden kolektiboentzat: gaixoak, presoak, drogaren menpekoak, babesik gabeko adin txikikoak, urritasunen bat dutenak, eta abar. Talde hauek hainbat egun igarotzen dituzte Arantzazun ekintza desberdinez osatutako programaz gozatuz.
Izeba proiektua
Integrazioaren alde ari gara lanean.
Adin txikiko etorkinentzat eta babesik gabeko egoeran dauden bertako adin txikikoentzat integrazio hobe baterako proiektua bultzatzen ari gara, abegiko izeba-osaba irudia sortuz. Adin txikiko hauek erreferentzia-familia bat izan dezaten nahi dugu, helduek beren izeba-osabek bezala lan egin dezaten beren integrazioa
errazteko.
Hitzaldiak, jardunaldiak, foroak, gizartearen parte-hartzea, giza eskubideak…
Beste zenbait arlotan ari gara lanean.
Beste ekimen batzuk ere martxan ditugu. Guztiek muin bera dute. Giza duintasunaren etika pertsonaletik, bakearekin, elkarbizitzarekin eta elkartasunarekin konpromiso bat garatzea. Gure webgunean informazio gehiago aurki dezakezu.
|