| Baketik-ek bere egitasmoa bideratzen du eta aldaketa-prozesuaren gakoak aurkeztu ditu prentsaurrekoan |
|
2011-12 ikasturtearen hasierarekin, eta 2006ko urrian eratu zela bost urte betetzerakoan, Baketik bere egitasmoari definizio eta ikuspegi berria emateko prozesuari ekin dio. Aldaketa-prozesu honen gakoak ezagutarazteko, Baketik-ek prentsaurrekoa eskaini du eta bertan aurkeztutakoa ondorengo lerroetan adierazten da.
Baketik-ek bere zeregina berriro definituko du krisi orokorrak zein lehentasun lokalek agerian uzten duten aldaketa pertsonalaren eta sozialaren beharrari erantzuteko Eraldatzearen oinarriak urriaren 15ean aurkeztuko ditu Arantzazun eta Baketik-en blogean jarraitu ahal izango dira Baketik duela bost urte aurkeztu zen jendaurrean, 2006ko urriaren 14an, hain zuzen ere. Intuizio batetik jaio zen: bakea eta etika hitzen edukiaren, zentzuaren eta esanahiaren baturak emaitza emankorra eskain zekiekeen pertsonei eta gizarteari. Bi ideia horiek bere izenean islatzen dira tipografikoki: baketik. Aldi hori eta bere ekimen guztiak hari eroale berdin batek bideratu dituzte: bizitza, bizikidetza, hezkuntza eta elkartasuna hobetzen lagutzea etika abiapuntu duten bideak ibiliz. Bokazio horrek hobetzen nola ikasten dugunaren inguruan gogoeta egiteko beharra sortu du, eta horretarako pedagogia bat bilatzera bultzatu gaitu. Horrela Bizizikasi pedagogia eraiki dugu, hobetzen ikasteko pedagogia. Gako nagusi batean oinarritzen da: osasun oneko pertsona, bere kabuz, hobetzeko eta bere errealitate existentziala eta soziala berreraikitzeko gaitasuna duen izakia da (logikoki inguruarekin harremanetan eta lankidetzan). Bizizikasi pedagogiak bizitzarako eta bizikidetzarako ikaskuntza-potentzial handiko zortzi esperientzia-erreferentzia iradokitzen ditu. Ikuspegi kualitatibo batetik, hori izan da bost urte hauetako emaitza nagusia eta, logikoki, hori izango da etorkizunerako baliabide nagusia. Orain, ekimen desberdinen bilakaerak, geure ahalmenek, mugek eta aukerek, eta baita geure gizartearen lehentasunak eta bizitzen ari garen krisi orokorrak agerian uzten dituen kontraesanek eta baldintzek ere, Baketik-en berrabiaraztea prestatzera garamatzate. Baketik hiru erreferentzia dituen testuinguruan berkokatu nahi dugu: pertsona, mundua eta Euskal Herria. Ikuspegi hirukoitz honekin, zenbait ondorio azpimarratzen ditugu: 1. Krisia larria eta integrala da. Bere arrazoiak sistema eta egitura bidegabeetan daude. Baina ez hor bakarrik; baita geure ikusmoldeetan eta jokabideetan ere. Beharrezkoa da aldaketa indibidualismo materialistenaren nagusitasun orokorraren aurrean. 2. Geure herria krisi orokor berdinak eta bake- eta bizikidetzaren berradiskidetze-lehentasunak ukitzen dute. Lehentasun horrek gainera iraganeko joerak gaindituko dituen herri honekiko aldaketa-konpromisoa behar du. 3. Aldaketa-behar bikoitz hori ez da dimentsio bakarrekoa, pertsonala eta soziala da, globala eta lokala. Bizitzeko modu berriak eta gizarte-eredu berriak behar ditugu, singularreko eta pluraleko lehen pertsonean onartuak eta geure herriaren errealitatean irudikatuak. 4. Azterketa honek planteatzen dizkigun galderak funtsean hiru dira: lehenengoa, zertan aldatu eta hobetu behar dut neure bizitza; bigarrena, zertan lagun dezaket mundua aldatzen eta hobetzen?; eta hirugarrena, nola aldatuko eta hobetuko dugu geure herria? 5. Testuinguru honetan eta Bizizikasi pedagogiaren oinarriarekin, Baketik-ek ekarri eraikitzailea egiteko asmoa dauka hiru galdera horiei erantzun zehatzak ematerako orduan erabilgarria izan dadin. Definizio berria, zeregin berriaz eta erronka berriekin Baketik-ek bere zeregina berriro definituko du krisi orokorak zein euskal eremuan lehentasun lokalek agerian uzten duten aldaketa pertsonalaren eta sozialaren beharrari erantzuteko. Aldaketa horrekin, Baketik-ek egiten duen guztia –ikastaro, ekimen edo proiektu bakoitza– aldaketa-proposamen horretan kokatuko da. Arazo zehatzetan tresna eta proposamen zehatzak eskaintzetik, orokortasunezko eta aplikazio lokaleko asmoarekin aldaketa pertsonala eta soziala iradokitzen, praktikan jartzen eta bultzatzen duen esparru baten barruan, baliabideak eskaintzera pasako da. Bere zeregin berria dela-eta, Baketik-ek pertsonengan eta gizartearengan etikoki jasangarria den aldaketaren aukera sorrarazten duten oinarriak defendatzea, proposatzea eta bultzatzea du helburu. Harrapatuak gaituzten egitura bidegabeak eraldatzen lagun dezakeen aldaketa, eta pertsona bakoitzaren egunerokoaren esku dagoena moldatzetik erdiets daitekeena. Bere zeregina ez da bizitzeko moduak edo gizarte-eredu zehatzak eta itxiak proposatzea baizik eta horiek posible egingo dituzten prozesuak sorraraztea. Baketik-ek bere zeregina berriz ere definitu nahi du. Bost urteren ondoren, egitasmoa berriro eratuko eta berrabiaraziko dugu. Prozesua pausatua izango da. 2011-12 ikasturtea trantsiziozkoa izango da eraketa berri horren xehetasunak prestatzeko. 2012ko udazkenean Baketik berriaren behin betiko egitasmoa aurkeztuko dugu. Baketik-en bloga Berrikuntza prozesu horren abiapuntuak daramatzan Adierazpena urriaren 15ean aurkeztuko da Arantzazun. 2011-12 ikasturteari hasiera emango dion ekitaldi horretan Baketik-eko V. Urteurrena ospatuko da aldi berean. Aste hauetan zehar adierazpen horren idazketa partekatu nahi dugu. Prozesu hori Baketik-en blogean jarrai daiteke. Blog horretan zenbait atal partekatu nahi ditugu. Alde batetik, adierazpenean dauden eta amaitzen ari garen gogoetak jarriko ditugu mahai gainean. Iritziak jasotzea interesatzen zaigu. Bestetik, iradokizun zehatzak jasotzeko bi galdera egingo ditugu: -Aldaketa-apustua laburbiltzeko leloa. Egungo krisiaren aurrean, 2, 3 edo 4 hitz baino gutxiagoko zein lelo ipiniko zenuke aldaketa pertsonalaren eta sozialaren apustuaren espirituaren goiburu? (Urriaren 15ean, Baketik-ek bere proiektuaren irizpide gidaria larburbilduko duen esaldi oso laburra aurkeztu nahi du). -Aldaketa hasteko hitza. Zein hitz aukeratuko zenuke aldaketa pertsonal eta sozial horren lehen urratsa adierazteko? (Urriaren 15ean, Baketik-ek hitz bat aurkeztu nahi du paradigma-, pentsamolde-, eskema-aldaketa baterako, aldaketa horren lehen urrats bezala). |