| "Bizikidetzarako Hezkuntzaren aldeko konpromisoa" sinatu du Baketik-ek |
|
Jonan Fernandez: “Inflexio-puntua, topagunea eta abiapuntua da giza duintasunaren balio gorenaren inguruan” Baketik-ek parte hartu du, hezkuntza-komunitatearen bete eragileekin batera, gaur Bilboko Carlton Hotelean egin den ekitaldian, “Bizikidetzarako Hezkuntzaren aldeko konpromisoa” sinatzeko. Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariak, zentro honen izenean parte hartu eta ondorengoa adierazi du: “Sinatu dugun agiriari dagokionez, logikoki, balorazio desberdinak egin daitezke. Geure iritziz, balio gorena duen argudio bati eman diogu lehentasuna Baketik-en. Adierazpenak eta ekitaldiak geure hezkuntza-eremuan garai berri baterako inflexio-puntua, topagunea eta abiapuntua ezartzen dute giza duintasunaren inguruan. Horrela, aurreko ñabardurak alde batera geratzen dira —irakurketa zilegiekin zerikusia dutenak baina adostasun nahikorik biltzen ez zutenak—; eta geure gizartean eta geure hezkuntza-komunitatean gaur egun lor daitekeen topagune-eremurik zabalena eta anitzena zehazten da. Giza duintasuna kontzepturik sinpleena eta argiena da, baina sakontasun eta potentzial handikoa (didaktikoa, hezkuntzazkoa eta gizartearen aldekoa). Giza duintasuna giza eskubideen aldeko adierazpenen, konstituzio modernoen eta gaur egun gozatzen ditugun eskubideen eta askatasunen aurrerapen gehienen funtsa da. Funtsezko balio prebentiboa dauka. Norberarena baina kausa gorenagoa aurkitzen duenak indarkeria eta giza eskubideen aurraketak prebenitzen ditu. Kausa goren hori giza duintasuna baino ez da. Giza duintasunaren defentsa, errespetua eta sustatzea gizakiaren proiekturik nagusiena da bere bizitza komunitarioan eta bizikidetzarako, bakerako eta giza eskubideen aldeko hezkuntzaren oinarri pedagogikoa da. Baketik-ek, argudio horiengatik guztiengatik, hartu du parte ekitaldi honetan eta horregatik sinatu du agiria. Agiria sinatu ez duten sindikatuen kritikek ez diete eragiten argudiaketa honi, zilegiak diren eta gaur sinatutakoarekin koherentziaz eman behar diren ondorengo urratsetan kontuan izan beharreko gaiei baizik”. |