| Urtarrilaren 31ean, 12.00etan, Baketik-ek bizikidetzaren berradiskidetzeari buruzko “2012 indarguneak” agiria kaleratuko du |
|
Ordura arte iradokizunak jasoko ditu bere blog-ean 2011ko urtarrilean Baketik-ek “Berradiskidetzerako Indarguneak” ekimena jarri zuen abian. Urtero, urtarrilean, bizikidetzaren berradiskidetzeari buruzko agiria aurkeztea da ekimenaren xedea. Bigarren agiria urtarrilaren 31ean emango da ezagutzera eguerdiko 12etan. Ordu horretan, web gune honetan bertan, Baketik-eko blog-ean eta bideo bidezko post baten bidez bigarren “Indargunea” aurkeztuko dugu. Agiriak proposamen zehatzak jasoko ditu. Aurkeztu aurretik, Baketik-ek bere blogean geure gizartean bizikidetzaren berradiskidetzea bultzatzeko iradokizun praktikoak eskatzen ditu. 2011ko urtarrilean egitasmo hau aurkezterakoan, honakoa esaten genuen: “euskal gizartean bizikidetzaren adiskidetzerako eta berradiskidetzerako ahalegin serioa, zintzoa eta zorrotza bereziki beharrezkoa eta egokia den indarkeriarik gabeko epe berria zabaltzen ari da.” Bederatzi hilabete beranduago indarkeria behin betiko eteten zuela iragarri zuen ETAk. Urte hasieran egindako gogoetak indarra eta gaurkotasun osoa hartzen zuen. Lehenengo agiriaren izenburua honakoa izan zen: “Berradiskidetze-prozesu bat modu partekatuan kokatzeko eta bultzatzeko oinarri-proposamena”. Iaz urtean zehar Baketik-ek gai honetan egindako lan guztiaren oinarria izan da. Besteak beste, 2011ko udaberriko jardunaldien eztabaidarako material gisa erabili zen, Udalei egin diegun proposamena prestatzeko oinarri izan da eta, aldi berean, ikastaro eta hitzaldi ugari eskaintzeko balio izan du. Orain, lanari ekiteko ordua heldu da. Lan zehatza egiteko garaia da. Horregatik, bigarren agiri hau jarduera-proposamen zehatzak jasoko dituen txostena izango da. |