| Izan Hezkuntza-Proposamenaren zenbait ezaugarri |
|
Izan izena du Hezkuntza-Proposamenak bere asmo sakonena pertsona izan dadin lortzea delako. Izaten hezteko proposamena da hau. Zortzi ikaskuntzak hezkuntza-proposamenaren eremu teorikoa dira, baina atal praktiko banak osatzen ditu. Irakasleei eta familiei zuzentzen zaizkie batik bat ariketa praktiko horiek. Teoria praktikara eramateko 250 inguru iradokizun ditu Lehen Irakaskuntzatik Batxilergorako lau adin-taldetan banatuak. Atal praktikoa hezkuntza-alorreko langileei, familiei eta irakasleei zuzentzen zaie bereziki; baina bere alderdi teorikoa bizitzaren, bizikidetzaren edota hezkuntzaren inguruan kezka duen edozein lagunentzat da aproposa. Izan Hezkuntza-Proposamenak norberak bere burua zortzi ikaskuntzatan oinarriturik heztea nahi du, ondoren beste lagun batzuk horietan hezi ahal izateko. Hala, “ikaskuntza” diogunean, argitu beharra dugu ez dela gai teorikoak ikasten diren bezalako materialik. Praktika irudikatzen duen bizipen multzoa besterik ez da. Eta horrek irakasten digu, hain zuzen ere, zertan eta nola hezi dezakegun. Asmoa ez da buruz ikastea, ezpada esperimentatzea. Zortzi ikaskuntza horiek biltzen duten bizi-esperientzian murgiltzeko prest egon behar da bat beren edukia inori benekotasunez helarazteko gai izateko. Izan Hezkuntza-Proposamena ez da hutsetik sortu, 2006an Baketik-ek bere ibilbideari ekin zionetik izandako esperientziaren emaitza da. Proposamen honen aurrekariak Ser humano en los conflictos (Alianza, 2006) eta Vivir y convivir. Cuatro aprendizajes básicos (Alianza, 2008) liburuak dira. Aurretik igotako mailak, eta 6.000 inguru lagunek egin dituzten ikastaro-programako oinarriak. Esperientzia horrek eskaera orokor bat antzemanarazi digu: bizitzako eta bizikidetzako ikaskuntzak landuko dituen gizarte mailako pedagogia baten beharra. Horrek liburu horien eta horietan oinarritutako ikastaroen gogoeta eta bizipena hezkuntzako alorrera bideratzera eraman gaitu. Helburu horrekin Hezkuntza-Proposamen honetako lehen zatiak Cuatro aprendizajes básicos liburuko 4., 5., 6. eta 7. kapituluak eguneratu ditu. Hezkuntza-proposamen hau, Baketik-eko beste zenbait lan bezala, sinestunek nahiz sinesgabeek partekatu dezaten sortu eta idatzi da. Humanismoak partekatutako etika bat posible egiteko joko-zelai zabala duela sinetsita gaude. Kulturarteko eta erlijioarteko etika unibertsalaren alde lan egiteak berebiziko garrantzia duelako uste osoa dugu; ez etorkizunari begira bakarrik, baita gaur egunari ere, gizarte desberdinak eta desberdinek osatutako gizarteak elkarrekin bizi daitezen. Bi uste horiek Baketik-eko nortasun-ezaugarriak dira, eta lehentasunez jarduteko bere ildoak zehazten dituzte; eta hezkuntza-proposamen honen estiloari, hizkuntzari eta nahiari ere alderik alde eragiten diete. |