Bake zentroa. Gatazken lantze etikoa

Izan Hezkuntza-Proposamena. Pertsona izaten hezi

Gurasoentzat eta hezitzaileentzat da; baita bizitzaren, bizikidetzaren eta hezkuntzaren inguruan kezka eta gizarte-balore berriak bultzatzeko nahia duen edonorentzat ere. Aproposa da, halaber, giza alderdia lantzen duten langileentzat: psikologia, pedagogia, gizarte-hezkuntza, lan-taldeen eta taldeen dinamizazioa, enpresak, elkarteak eta abar.

Zenbait galdera abiapuntutzat

Pertsona batek beste bati matematika, hizkuntzaren, lanbideren edota kirolen bat irakatsi behar badio, gutxi gorabehera bada ere, imajina dezakegu zer jakin behar duen horretarako. Diziplina horietarako araututako edukiak ikasi eta barneratu beharko ditu, horiek ulertzeko eta transmititzeko. Baina erantzuna ez da horren argia, baldin eta horrelako galderak egiten badizkiogu geure buruari: zer jakin behar dugu pertsona izaten hezteko? Zer ikasi behar da bakeko, bizikidetzako, justiziako, giza eskubideen, adiskidetzako, errespetuko, berdintasuneko eta abarreko oinarrietan hezteko? Edota zer ikasi behar da elkarrizketako, laguntzako, eskuzabaltasuneko, lan-taldeko eta abarreko oinarrietan hezteko? Edota zer zailtasunari, bakardadeari, sufrimenduari, heriotzari, bizitzak duen zentzuari, laguntasunari, aitatasunari eta amatasunari, maitasunari eta abarri aurre egiteko? Erantzuna zein den ez da garbi asmatzen; baina galderak hezkuntza- eta bizitza-arloari eragiten dio nabarmen.

Ikasleengana horrelako helburuak espresuki helarazteko bada material didaktiko espezifikorik. Eskaintza zabala da, eta zabala den bezain sakabanatua dago. Azkenean sortzen zaigun galdera ez da horrenbeste hau: zeintzuk dira helburu horien inguruan hezteko eskura ditugun materialak? Ezpada beste hau: nola hezi behar da hezitzailea bera? Zehatzago esanik: nola hezi behar da pertsona izaten heztea hezkuntzaren lehentasun garrantzitsuenetarikoa delako ustea duen hezitzailea? Nabarmena da hezitzaileei buruz ari garenean, ez garela irakaskuntzako langileez eta hezkuntzako edozein alorretako langileez bakarrik hizketan ari. Ikuspegia zabalagoa da.

Guztion ardura da; izan ere, uneren batean edo bestean, alor batean edo bestean, guztioi dagokigu hezitzaile gisa aritzea. Lanbidea dela-eta dagokigu irakasleak bagara; sena eta bokazioa direla-eta, seme-alabek modu etikoan bizitzea nolako garrantzitsua den barneratzea nahi duten aita-ama bagara. Edo aiton-amona, anaia-arreba edota osaba-izeba garelako dagokigu. Geure ardura da ogibidez gizakiarena den arloan murgildu ohi bagara: psikologia, pedagogia, gizarte-lana eta -hezkuntza eta abar. Geuri dagokigu, halaber, baldin eta lan-talderen, enpresaren edota elkarteren baten gaineko ardura badugu. Eta geure egitekoa da komunitateari beste balore batzuetan oinarriturik heztea proposatzen dion gizarte-erakunde bateko kideak bagara. Labur esanda: hezitzailea eskolako, familiako eta gizarteko elkarrekintzetan, hobetzeko asmoz, parte hartzen duen oro da.

“Nola hezi pertsona izaten?” galdera horrek, gainera, badu beste bat aurretik: Nola hezi naiteke ni neu pertsona izaten? Ezin ninteke inolaz hezkuntzako eragile izan ikaskuntzako esperientzia hori aurretik bizi izan gabe. Haratago egin genezake, izan ere, hizpide dugun gaia ez da edonolakoa. Kontua ez da nik neuk pertsona izaten ikasteko heziketa jasotzea beste batzuei ondoren heziketa hori emateko behar dudan ezagutza funtzionala delako. Beste muturrean, gizakia izatea, gizakia izaten ikastea, nik neuk bizitzan jokatu beharreko erronka da. Arrazoiz zoriontsu bizitzeak badu zerikusirik gizaki izateak dakarzkigun mugen eta aukeren eremuan bizitza ahokatzeko gai izatearekin.

Gustatu bazaizu, partekatu / Si te ha gustado, compártelo:
Reddit! Del.icio.us! Mixx! Free and Open Source Software News Google! Live! Facebook! StumbleUpon! TwitThis Joomla Free PHP