Bake zentroa. Gatazken lantze etikoa
Nolako Bake Zentroa da Baketik?

Hiru alorrak uztartuko ditu Baketik-ek, baina bizkarrezurra hau izango du: gatazkei ekiteko modu etiko baten ikaskuntza hedatzea. Jakina, ikerkuntza lan handia eskatuko du dibulgazio horrek, eta, zenbaitetan, gatazka jakin batzuetan esku hartzeko, bitartekari izateko edo laguntzeko tresna ere izango da. Laburbilduz, honela esango genuke: dibulgazioa ardatz harturik, gatazken konponbidean jardungo da Baketik Bake Zentroa, baina beste izenburu batekin: “gatazken lantze etikoa”. Alor berari deitzeko modu desberdin horrek adierazten du, hain zuzen ere, Zentro honek egin nahi lukeen ekarpen berezia.

Bakearen aldeko ahaleginetan, “Gatazkak gainditzea” edo “Gatazkak eraldatzea” deitu ohi zaio gatazkak modu positiboan, bakearen eta elkarrizketaren bidez gainditzeko ahaleginari. Berrikitan, “Konfliktologia” hitza ere erabili izan da. Zorionez, halako gune handi bat erkide dute alor horretako lan, metodologia eta zentro nagusiek. Gatazkak gainditzeko teoriak badu hizkuntza unibertsal bat, ñabardura aberasgarriz josia. Funtsean, bat dator Baketik ibilgu teoriko nagusi horrekin, ikuspegi espezifiko batzuk ere eskainiko dituen arren. Kontua ez da alor horretan egindako lana –handia– zalantzan jartzea, baizik eta hura berrestea eta aberastea, ñabardura batzuk erantsiz.

Gatazkak etikoki lantzea du ardatz nagusi Baketik-ek eskaini nahi duen ekarpen bereziak. Horra zer berrikuntza dakarren; horra zerk bereizten duen. Gure iritziz, gatazka suntsitzaileak ez dira nahitaez konpontzen; landu daitezke. Lan egokiaren bidez zerbait eraldatzea, hori da lantzea. Aurrerago azalduko dugu zeri deritzogun lan egokia; oraingoz, labur azalduko dugu hiru urrats dituela lantze etiko horrek. Lehenbizikoak hau iradokitzen du: gatazkei ekiteko oinarrien berraztertze etikoa. Bigarrenak, berriz, lan pertsonala eskatzen du, barrura begiratzea, gatazka gureganatzea. Hirugarrenak, azkenik, kanporako lana eskatzen du, jendearen arteko harremana, gatazkaren azterketa etikoa. Horri guztiari “gatazkaren barneratze edo lantze etikoa” deitzen diogu, edo, hitz gutxiagorekin esanda, “lantze etikoa”.

Argitu behar dugu zeri deritzogun “gatazka”. Eguneroko jardunean eta bizimoduan pairatzen da gatazka. Hortaz, ez gara ari, soilik, nazioarteko gatazka politiko, sozial edo erlijioso handiez, baizik eta eguneroko jardunean ditugun horiez ere. Bi ikuspegi horiek –urrutitik ikusten ditugun gatazkak, gertutik ikusten ditugunak– hartuko ditu kontuan Baketik-ek. Ez da zaila ere elkarri uztartzea bi ikuspegiak; izan ere, elkarren antz handia izaten dute gatazka larrien eta urrunenak, eta ustez samurrago eta hurbilenak. Batetik ikasten denak besterako ere balio izaten du. Zentro honen asmoa da, beraz, gatazka handietako espezialista edo adituei ez ezik herritar xeheari laguntzea, eguneroko bizimodu eta gatazken espezialistei alegia.