| Proiektuak |
|
·Hobeto bizitzeko eta elkarbizitzeko ikastaro-programa (2006-11) Ikastaro-eskaintza zabala egiten du urtero, zenbait gairen gainean: gatazkak, herritarren partaidetza, sufrimendua, elkartasuna, bizitza, bizikidetza, giza heldutasuna... Sei mila lagun baino gehiagok hartu dute parte programa honetan. ·Antzerki Foruma (2007-11) Antzerkiaren bidez errealitatea aztertuz eta berreraikiz, balio etikoak sustatzen ditu. Zortzi eta 16 urte bitarteko 17.000 bat ikaslek hartu dute parte. Programa honek jorratu dituen gaiak indarkeriarik eza, errespetua, berdintasuna, elkartasuna eta giza duintasuna izan dira. ·Bideoteka Proiektua (2007-11) Hiru zerbitzu eskaintzen ditu: bizitzari eta giza harremanei buruzko 200 filmeko funtsa (gida didaktikoak dituzte film guztiek); bideokluba, 175 bazkidekoa (urtean 10 film eta gida jasotzen ditu bakoitzak), eta zinemari eta hezkuntzari buruzko ikastaro bat, urtero. ·Lehentasun etikoei buruzko urteroko jardunaldiak(2007-11) Udaberriro, saio itxi bat egiten da, 25 gonbidaturekin, eta saio ireki bat. Zenbait jende trebatu aritzen da hizlari. Besteak beste, hezkuntza, bakea, erlijioen arteko elkarrizketa, berradiskidetzea... jorratu dira. ·Afrikari buruzko astea eta Afrikandugu proposamena (2007-11) Gogoeta kritikoa egiten du, urtero (ekainean), Afrikako zenbait gonbidaturekin. Horrela sortu zen Afrikandugu, Europako eta Afrikako gizarte zibilen arteko elkartasuna eta lankidetza-senidetzea sustatzeko proposamena. ·Argitalpen-proiektua (2007-11) Baketik-en dibulgazio- eta hezkuntza-lanaren laguntzaile dugu. Hamabi aldizkari monografiko, zenbait liburu eta hainbat formatutako bestelako argitalpenak plazaratu ditu geure zentroak, hemengo ikastaroak eta ekimenak ardatz dituztelarik guztiak. ·Zenbait eskakizunei erantzuteko programa (2007-11) Baketik-ek jasotzen dituen zenbait eskari asetzeko programa, betiere giza duintasuna abiapuntu dela. Herritarren partaidetzari, giza eskubideei, hezkuntzari, balioei eta abarri buruzko lanak, hitzaldiak eta jardunaldiak egin ditugu ·Arantzazu Proiektua “Beste zerbaiten” bila dabilen jendearentzako Arantzazu harrera-leku berritutzat sustatzeko prozesuan laguntzen du proiektu honek. Baketik-eko lan-taldea gogoz jardun da zeregin horretan Arantzazuko Adiskideak elkartearekin, Arantzazu Gaur Fundazioarekin eta frantziskotarrekin. ·Asistik Arantzazura Proiektua Erlijioen eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzeko iradokizun bat egin du. Nazioarteko erakundeen aurrean 2008an aurkeztu zuen iradokizuna, eta zazpi hizkuntzatan argitaratu zuen, eskoletan banatzeko. Bakearen aldeko 80 testu eta otoitz —erlijio eta kultura askotakoak— ditu argitalpenak. ·Dohain Programa (2008-11) Egoera zailetan daudenei (gaixoak, haien laguntzaileak, droga-mendekotasunen bat dutenak, babesik gabeko adingabeak, presoak, minusbaliatuak...) prestakuntza-egonaldiak egiteko eta atseden hartzeko eskaintzen die Arantzazu. 741 lagunek hartu dute parte programan, 42 egonalditan. ·Izeba proiektua (2009-11) Bakarrik dauden atzerriko adingabeen osaba-izeba gisara jarduteko prest dauden herritarren edo familien sare bat eratu du Gipuzkoan. 50 boluntario ditu sareak, eta harrera-zentroen laguntzaile jarduten da, adingabeko horiek hobeto gizarteratzeko ahaleginean. ·Izan Hezkuntza Proposamena(2010-11) Gizaki izaten ikasteko eta irakasteko baliabide teorikoak eta praktikoak eskaintzen ditu. Familientzat eta irakasleentzat da, batez ere. Urtebeteren buruan, mila bat lagun jardun dira proposamen honekin, eta 20 ikastetxetan aplikatzen da. ·Bihotzetik Modulu Didaktikoa (2011) Euskal gatazkan giza eskubideen urraketen biktima izan direnekiko elkartasuna eskolan nola jorratu? Hain zuzen ere, horretarako eskaintzen ditu programa honek baliabide teorikoak eta praktikoak; trebakuntza eskaintzen die irakasleei, bizikidetzaren berreraikuntza du xede. ·Berrikuntzaren Etika Proiektua (2011) Berrikuntza eta enpresa-jarduera oinarri etikoekin nola garatu? Horri buruzko trebakuntza eta aholkularitza eskaintzen die proiektu honek enpresei, egungo ereduen ikuspegi kritikoa abiapuntu duela. ·“Bizikidetza berreraikitzeko indarguneak” ekimena (2011) Geure herriko bizikidetza berreraikitzeko eta berradiskidetzea sustatzeko hainbat proposamen (trebakuntzaren, dibulgazioaren, hezkuntzaren eta erakundeen alorrekoak) egiten ditu, batez ere udalei zuzenduak. |