Bizizikazi pedagogiaren zentroa.
Aldaketa pertsonalerako eta sozialerako baliabide etikoak
Sarrera

Baketik-en eratze-helburuetan honakoa aurki daiteke nabarmen: “ahaztutako gatazkei arreta eta laguntza eskaintzea, baita gatazketan ahaztutakoei ere.”. Arantzazuko Bake Zentroko urteko antolaketa ereduan bada “toki-mailako elkartasuna” izena duen ekintza-eremu bat. Elkartasun kontzeptua garatzeko azaltzen diren irizpideen artean honakoa adierazten da: “geure buruari etengabe galdetzea zeintzuk diren azkenak, eta horien babeserako eta azkenak izateari utz diezaioten beharrezkoak diren oztopoak kentzea”.

Konbentzimendu horrek bultzatu du Baketik bakarrik dauden adin txikiko etorkinen fenomenoari arreta jartzera. Ez da zaila ume horien sufrimendua irudikatzea, eta beren muturreko bizi-egoera ulertzea. Ez da zaila ere babes gabezia horri aurre egiteak dakarren konplexutasuna ulertzea, ezta arazo honi erantzunak bilatzerako orduan Erakundeek egiten duten ahaleginak sortzen dituen erantzun sozial kontraesankorrak ulertzea ere.

Testuinguru honetan Baketik-ek ekarria egin nahiko luke, oso korapilatsua den egoera bat partzialki arintzen saiatzeko ekarria. Egoera hauek globalki konpontzeak ekimen honen nahiak gainditzen ditu. Azken helburua gazte hauen integraziorik onena lortzea bada, proposamen hau  bide horretara doan eta agian eragingarria izan daitekeen pauso bat baino ez litzateke.

Lan-hipotesiko izaera duen ideia landu du Baketik-ek azken urte honetan, norabide horretan aurrera egiteko asmotan. Ideia hori gorpuztu egin da, eta Izeba Proiektua da emaitza. Proiektua honetan datza: bakarrik dauden adin txikikoen integrazio hobearen alde egin dezakeen familia bide-lagunaren figura sortzea, erreferentziazko familia ere dei geniezaioke, edo harrerako osaba-izebak.

Horrela, babes gabezia egoeran dauden adin txikikoen familia-babesak beste figura bat izango luke: familiaordeak, harrera-familiak eta familia bide-lagunak. Dokumentu honek bereziki bakarrik dauden adin txikiko etorkinei zuzendua dagoen proiektua jasotzen du. Bere helburuak, proiektuaren azalpena eta abiapuntua definitzen ditu.