| Zein da bere filosofia |
|
Liburu batean zehazten dira Arantzazuko Bake Zentroaren euskarri teorikoak eta haren dibulgazio lanak oinarri izango dituen hausnarketak. Hemen, berriz, bost ataletan azalduko ditugu. -Bakea. Hori du helburu nagusi Zentroaren lanak. Zentzu zabalean mintzo gara bakeaz; gerra edo indarkeriarik eza ez ezik, beste zerbait ere bada bakea, gure ustez: gatazkak –pertsonalak, familia barrukoak, edo sozialak, politikoak, nazioartekoak...– indarkeriarik gabe maneiatzeko gaitasuna. Izar baten antzekoa da bakea: inoiz osorik eskuratu ezin den erreferentzia bat, baina gizakion eremu ilun honi argitasuna ematen diona, mundu hobea izan dezagun. Faktore askoren bilduma da bake eskuraezin hori. Gure iritziz, ez dago “erabateko” bakerik; “bake zatiz” eta “justizia zatiz” dago osatuta bakea. Zati horiei esker bizi gara erabateko bakearen erreferentzia utopiko horretatik gertuago edo urrutiago. Gatazkei irizpide etikoekin eta ikuspegi konstruktiboarekin ekitea, tresna horixe du gutako bakoitzak bakeari “bake zatiak” eta “justizia zatiak” eransteko edo kentzeko. -Gatazka. Hazteko eta hobetzeko gizakiok dugun tresnarik ahaltsuena, zeharo mugatuak baikara. Berezko eta etengabeko faktorea du gatazka gizakiak. Gatazkarik gabe ez dago ez gizarterik ez giza harremanik. Bizitza eskola da gatazka. “Bi alderen edo gehiagoren artean premiak, helburuak, interesak edo iritziak kontrajartzea” da gatazka. Seguru sentiarazten gaituen gure egia partikularra, gurekoia, hankaz gora jartzen du gatazkak, eta egia zabalagoak bilatzera gonbidatzen gaitu. Batzuetan, onartu egiten dugu gonbita, eta, beste batzuetan, ez. Batzuetan, geure egia pribatuan (dogmatismoa, inposizioa, indarkeria...) hersten gara; beste batzuetan, egia partekatuago bati zabaltzen dizkiogu ateak (elkarrizketari, enpatiari, hitzarmenari...). Gatazketan nabarmentzen da elkarrekin bizitzeko gure gaitasuna, baita bizitza bera ere. Izan ere, gatazkek zabaltzen diote atea gure barruan dugun onenari eta txarrenari, gure gizatasunari edo gizagabetasunari. Gatazka ez da, berez, txarra; ona ere izan daiteke. Kontua da nondik heltzen diogun gatazkari, nola gureganatzen eta lantzen dugun. -Irizpide etikoa. Gatazkek eragiten dizkiguten desafioetatik, etikoa dugu nagusia. “Giza duintasuna babesteak dakartzan eginkizunak burutzeko ahalegina” dugu etika. Gatazka gordina izanik ere duintasun horri eustea, horra gizaki izateari ez uzteko bidea. Bi era daude gatazka bati ekiteko: borroka suntsitzaile gisara, edo ikuspegi etikoa oinarri harturik; gure kausaren balioa absolutua delakoan, edo balioa giza duintasunak duela sinetsirik; helburuak bitartekoak justifikatzen dituelakoan, edo etikak justifikatzen dituelakoan helburuak eta bitartekoak; arerioa menderatu eta suntsitzeko asmoarekin, edo konbentzitu eta harekin ados jartzekoarekin; “begia begi truk” leloa gidari dugula, edo elkarlanerako prest; bidea besteari nagusitzea delakoan, edo elkarrizketarako prest; aurkaria etsaitzat harturik, edo gure kidekotzat; biktimismoa aldarrikatuz, edo pluralismoaren alde. Gatazka bati ekiten zaionean, oinarri horiek berriro aztertu beharra dago –kontziente eta pertsonalki–, batzuk edo besteak hautatu aldea izugarria baita. Baketik-ek azterketa etiko hori du gatazken tratamendurako oinarri nagusia, jakinik, betiere, etika ez dela gure nahierara erabiltzeko tresna, baizik eta gure egintzak eta erabakiak zuzen hautatzeko bidea. -Gatazkarekiko jarrera. Norberak gatazka nola bizi duen: nola ekiten diogun, nola begiratzen diogun, nola adierazten dugun, zer garrantzi duen gure bizitzan, non nagoen ni gatazka horretan... Oinarri etiko batzuk proposatzeaz gain, beste urrats bat ematea da gure asmoa: norberaren ikuspegitik hausnartzea gatazkaz, hau da, norberak gatazkari buruz duen ikuspegia aztertzea. Izan ere, gatazka begiratzeko eta gureganatzeko era eta harekiko dugun jarrera gatazkaren parte izan daitezke. Horregatik, ezin da gatazka aztertu norberaren buruarekin borrokan aritu gabe, ordezkatzen gaituen gu-arekin lehiatu gabe. Jarrera oso desberdinak hartzen ditugu gatazkarekiko: defentsiboa eta erasokorra, edo ulerkorra eta irekia; haserre bizia eragiten dit gatazkak, edo pazientziaz behatzen dut; aurreiritzi aldebakarrez beteta mintzatzen naiz gatazkaz, edo ikuspegi aniztasunaren konplexutasunetik; nire asmoa da inposatzea eta mendeku hartzea, edo hitz egin eta gauzak konpontzea; gatazkari konponbide zurruna eman nahi diot, edo malgua... Horra gatazka larri orok eragiten dizkigun galderetako batzuk. Horregatik, ezinbestekoa da norberaren baitara begiratzea, zuzeneko eragina baitu horrek gatazkan eta haren amaieran. -Gatazkak lantzea. Besteekiko elkarlanean kanpora begira egin beharreko lana dugu. Hiru eratara landu daitezke gatazkak: jarrera erreaktibo eta bortitzarekin; jarrera pasibo eta otzanarekin; edo jarrera positibo eta etikoarekin. Jarrera etikoa hautatzen badugu, lau oinarrizko zalantza hauek –gutxienik– azalduko zaizkigu: “erraztu edo zaildu”, “onartu edo baztertu”, “elkarlanean edo lehian jardun”, “eutsi edo etsi”. Borroka beste biderik ez duten gatazketan –zentzuzko konponbiderik sumatzen ez delako, edo bidegabekeria larriren bati gogor eusten zaiolako– gertakariak eta gizon-emakumeak bereiztea eskatzen du gatazkak lantzeak, bestela bitarteko ez etikoak erabiltzeko joera agertzen baita. Hortaz, tinko jardun behar da bidegabekerien aurka, eta gizon-emakumeenganako erabateko begirunez aritu. Bitarteko etikoak, burua, ausardia eta tinkotasuna behar dira gatazkei ekiteko, “Etengabeko ekimen etikoa” deritzoguna. Bost oinarri horiek ditugu, bada, Baketik-ek zabalduko duen mezuaren mamia. Berdin aplikatu ahal zaizkio oinarriok gatazka batean lehiakide denari eta begirale/bitartekari dabilenari. Gatazkaren fase guztietan aplikatu ahal dira: prebentzio fasean, gatazka ernatzen ari dela; distentsio-fasean, gatazka gogortzen ari denean; desblokeatzeko, blokeatzen denean; eta, berreraikitze fasean, berradiskidetze eta konpontze lanetarako. Bakeari laguntzea du helburu proposamen honek, alde guztien interesak aurkitzen laguntzea, lehiakideen arteko elkarlana sustatzea. Printzipioa, berriz, hauxe: oinarri etikoak aldarrikatzea gatazkaren bat dagoenean; norberaren barrualdera begiratzea eta gatazkaz hausnarketa egitea; alde bakoitzak gatazkaz duen ikuspegia aztertzea... Azkenik, kanpora begira ere egin behar da azterketa; distentsioa, elkarrizketa, bestea entzutea, enpatia... bultzatzeko ahalegin handia egin behar da. Horra, bada, zer deritzogun “gatazkaren lantze etikoa”. Laburbilduz, hauxe azpimarratu nahi dugu Arantzazuko Bake Zentroan: gatazkaren bat dagoenean, geure barruan gertatzen dela garrantzitsuena. Barruan gertatzen zaigun hori aprobetxatzen eta erabiltzen jakinez gero, aukera ezin hobea dugu hobetzeko, hazteko, zoriontsuago izateko, gizatasun handiagoz edo, besterik gabe, gizatasunez jarduteko. Horretarako ez ezik, gatazkak gainditzeko eta bizikidetza hobetzeko ere aukera bikaina dugu, bai bertatik bertarako harremanetan (familian, lagun artean...), bai politikagintzan eta zeregin publikoetan. Baina gure barruko zer horrek ahalegin etikoa eskatzen du, barrura eta kanpora begira lan sakon, neketsu, kontraesankor, mugatu eta ez perfektua egitea. |