| Zer da Bake Zentro bat? |
|
Era askotako zentroak daude, hainbat deituraren pean: zentro, institutu, elkarte, fundazio, behatoki, sail, katedra... Helburuak ere ugari izaten dituzte: bakea, giza eskubideak, bitartekaritza lana, bakearen kultura, gatazkak konpontzea, justizia, bakearen aldeko ikerkuntza. “Bake Zentroak” deitura generikoa jarri diegu guztiei. Erakunde publiko edo pribatuak izan daitezke Bake Zentroak; herrialde edo estatu batekoak, edo nazioartekoak; zibilak, erlijiosoak; unibertsitate, elkarte edo sektoreren batek sortuak... Bakea lortzen laguntzea dute helburu nagusia, bai ingurune jakin eta zehatz batean, bai ikuspegi unibertsal eta orokorragoa abiapuntu dutela. Ezaugarri hau bederen badute denek: bakearen alde jarduteko, guztiak baliatzen dira ikerketaz, dibulgazioaz edo esku-hartzeaz (gatazka egoera batean, edonolako laguntza, bitartekaritza edo bake bide eskaintzeari deitzen diogu esku-hartzea). Badira hiru eginkizun horiek elkarrekin orekan uztartzen dituzten Zentroak; beste batzuk, ikerkuntzari eta dibulgazioari bakarrik ekiten diotenak, eta, azkenik, gatazkan zuzeneko esku-hartzeaz bakarrik arduratzen direnak. Normalean, denek ukitzen dituzte –gutxi asko– hiru alorrak; baina, sarri, alorretakoren batean espezializatzera jo ohi dute Zentroek. Jatorri akademikoko erakundeek, edo Unibertsitatearekin lotura dutenek, ikerkuntzaren alorra jorratzen dute gehienbat; fundazioek edo eginkizun zehatz batzuetara zuzendutako erakundeek, berriz, dibulgazioa; azkenik, nazioarteko hainbat erakundek bitartekaritza du zeregin nagusia. |