Bizizikazi pedagogiaren zentroa.
Aldaketa pertsonalerako eta sozialerako baliabide etikoak
Zortzi erreferentzia

Hona hemen, labur azalduta, zortzi erreferentzia horien gakoak:

·Izaera mugatua. Gizakion izaera mugatuak bizitzan, elkarbizitzan eta munduaren martxan duen eragina (erabakigarria) geure buruan eta besteengan ikustea eta erreparatzea. Geure izaera mugatua onartzea da haren ondorioez jabetzeko lehen urratsa.

·Esker ona. Geuregan, besteengan eta geure inguruan daukagun edertasuna, ontasuna eta zer positibo guztiak identifikatzea eta antzematea. Ezinbestekoa da zoriontsuago bizitzeko, bizikidetza hobea izateko eta gatazkak etikoki kudeatzeko.

·Kontzientziari entzutea. Hautaketa etikoak egiteko, kontraesanak eta autoengainuak aztertzeko, edo zertan ez daukagun arrazoi osoa eta zertan duten besteek jakiteko, kontzientziari beste era batera entzuten ikas dezakegu.

·Giza duintasuna. Geure bizitzan eta elkarbizitzan egiten ditugun aukerei norabide etikoa emateko, goi-balio baten erreferentzia behar dugu: giza duintasunarena. Etiketa orotik kanpo egon behar du balio hori geuregan eta besteengan sustatzeak.

Lau erreferentzia horiek badute lotura hurrengo hauekin. Lehenbizikoak, norberaren esperientziak dira, batez ere; besteak, berriz, “besteengan” proiektatzen dira.

·Elkarrizketa. Besteekiko elkarrizketan proiektatzen da izaera mugatua, geure izaera mugatuaren segurtasun gisara. Elkarrizketatzea da norberaren ikuspegiak beti osagabeak direla, mugatuak garela, onartzea. Bereizketa bidegaberik ez egitea da, ez geure buruarekiko ez besteekiko, eta egiaren alde jardutea.

·Enpatia. Esker onak berekin dakar enpatia. Partekatzen baldin bada hartzen du zentzu osoa eskertzen den horrek. Elkartasunerako prestatuak gaude. Enpatiaz jardutea dugu geure ahalmenetako bat.

·Pazientzia. Kontzientziari entzutea pazientzia bilakatzen da: eusmena kontraesanak onartzeko, eta iraunkortasuna haiek etikoki kudeatzeko. Horra desafioei, zailtasunei eta sufrimenduei modu eraikitzailean ekiteko tresna nagusia.

·Maitasuna. Maitasunean aurkitzen du zentzua giza duintasunak: bikotekidearekiko, familiarekiko, lagunekiko, justiziarekiko, bakearekiko, munduarekiko... maitasunean. Doakotasuna da ikaskuntza honen gakoa, bestea ahalik eta ondoen egotea helburu duen emate desinteresatua.