Bizizikazi pedagogiaren zentroa.
Aldaketa pertsonalerako eta sozialerako baliabide etikoak
2011-2012 Antzerki foruma

Zer da Antzerki-Foruma?

Antzerki-Forumak Brasilen du jatorria eta Augusto Boal da sortzailea. Antzerki modu honekin, aktore-talde batek arazo bati buruzko lan bat antzezten du, baina istorioak amaiera zorigaitzekoa du. Ikasleei antzezlana, eszenak eta eszenatokia bera aldatzeko gonbita egiten zaie istorioa hobeto amaitu dadin. Aktoreek berriro antzezten dute lana ikasleen aportazioekin eta parte-hartzearekin. Ondoren, esperientzien emaitzekin analisi- eta gogoeta-tailer bat egiten da. Antzerki-Forumaren helburua da antzerki-hizkuntza guztien esku jartzea metodo pedagogiko eta errealitatea ezagutzeko eta aldatzeko metodo gisa. Lortu nahi dena da ikusle pasiboa egile eta aktore aktibo bihurtzea, lehenik antzezlan batena eta gero, agian, bakoitzaren errealitatearena.

Antzerki-Foruma Arantzazun

Arantzazuko Antzerki Forum egitasmoa antzerkiaren bidez eskolan balio etikoak bultzatzen dituen programa da. Esperientzia honetan 310 ikastetxek eta 8 eta 12 urte bitarteko 17.000 inguru ikaslek hartu dute parte.

Datorren ikasturterako nobedadeak

Azkeneko lau urteetan, Baketik-ek ikastetxeei zerbitzu hau kosturik gabe eskaintzea lortu du. Krisiaren ondorioak eta erakundeen laguntzak txikitu direla-eta, ezin diogu eskaintza honi orain arteko baldintza berdinetan eutsi. Hala eta guztiz ere, gauzak errazteko ohiko filosofiaz jarraitu nahi dugu. Horregatik, ikasturte honetan zehar Arantzazuko saio batean parte hartzeko ikastetxeak 150€ko kuota ordaindu beharko du. Bestalde, saio guztien kopurua txikitu dugunez bi tematikatan oinarritzea erabaki dugu.

2011-12ko ikasturteko egutegia

Antzerki-Forumeko 2011-12 ikasturterako proposamena eta egutegia honakoa duzue:

-Irailaren 19tik azaroaren 14ra. Eskolan indarkeria- eta jazarpen-jarreren prebentzioa, 10 eta 13 urte bitarteko ikasleei zuzendua.

-Otsailaren 27tik martxoaren 29ra. Eskolan afektibitate- eta bizikidetza-harremanetan errespetuaren, askatasunaren eta berdintasunaren balioak, 13 eta 14 urte bitarteko ikasleei zuzendua.

Programaren ezaugarriak

Programa Arantzazun garatuko da astelehenetik ostegunera eskola-egutegiaren barruan eta jai ez diren egunetan. Saio bakoitzaren ordutegia 10.00etatik 15.00etara izango da, bazkaltzeko tartetxo batekin eta Arantzazu ezagutzeko bisita gidatu laburrarekin. Egunero ikastetxe bateko 30-50 ikasle etorriko dira.

Parte-hartzaileek janariaz soilik arduratu beharko dute, izan ere, saioan parte-hartzea eta joan-etorria egiteko autobusa kuota horretan barnean dago. Saioa amaitzean, irakasleek dokumentu bat jasoko dute zenbait orientazio didaktikorekin Arantzazun egindako lanak eskolan jarraipena izan dezan.