BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

La lengua de las mariposas

Jatorrizko izenburua: La lengua de las mariposas

Urtea: 1999

Iraupena: 95 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: José Luis Cuerda

Aktore-zerrenda:

Fernando Fernán Gómez, Manuel Lozano, Uxía Blanco, Gonzalo Uriarte, Alexis de los Santos, Jesús Castejón, Guillermo Toledo, Elena Fernández, Tamar Novas, Tatán, Celso Parada, Tucho Lagares

Ekoizpen-Etxea: Sogetel, Las producciones del Escorpión, Grupo Voz

Sinopsia
1936ko neguaren amaiera. Galiziako herrixka txiki batean, Moncho, zortzi urteko mutikoa eskolara itzuli da denbora luzean gaixo egon ondoren. Orduan hasiko du jakintzaren eta bizitzaren ikaskuntza bere lagun Roqueren eta maisu berezi baten eskutik. Maisu horrek era askotako ezagutzak irakatsiko dizkie: patataren jatorria edota tximeletaren mingainak espiral-formakoa izatearen beharra. Uztailaren 18an dena eten egingo da.

Gaiak
Hezkuntza, laguntasuna eta traizioa

Hezkuntza. Testuinguruaren baldintzak saihesteko asmoz, hezkuntzak bizitzan bideratzeko egiten duen ahalegina erakusten du pelikulak.
Laguntasuna. Adinaz eta beren egoerez haratago, bi pertsonen artean sortzen den laguntasuna erakusten du istorioak.
Traizioa. Testuinguruaren eragina dela-eta, bere uste sendoei eta lagunei traizio egin diezaiokeen giza izaeraren eta bere erabakien natura deskribatzen du pelikulak.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.

eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea... Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik


·Hezkuntzari buruz: Zer eskatzen diogu hezkuntzari? Zer bilatu behar du?
·Laguntasunari buruz: Kanpoko gertaerek bi pertsonen arteko laguntasuna aldaraz edota baldintza dezakete? Zergatik? Hori saihets daiteke?
·Traizioari buruz: Zer da traizioa? Traizio egin diezaioke batek bere buruari?

…pelikula ikusi ondoren

·Nola hezten du maisuak? Zertan hezten du? Zer lortzen saiatzen da?
·Nolakoa da maisuaren eta Monchoren arteko erlazioa? Zergatik sortzen da erlazio hori? Zer aurkitzen du biotako bakoitzak horretan?
·Zergatik jokatzen du horrela pelikularen amaieran Monchoren familiak? Zer dirudi sentitzen duela Monchok? Eta maisuak?

Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu


Gatazka soziala/kolektiboa, Sentimenduak eta harremanak, Adiskidetasuna, Bigarren Hezkuntza